El parque natural de Aralar (Gupizcoa)

Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatuta dagoen Aralar mendilerroaren zatia Aralarko Parke Natural izendatuta dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren apirilaren 26ko 168/94 Dekretuaren bidez. Guztira 10.956,5 hektareako azalera hartzen du. Horietatik % 36,1 baso autoktonoz estalita dago, % 24,5 mendiko larrez, % 17,4 zuhaitz-landaketez, % 10,5 sastrakez, % 7,3 belardiz eta beste belar-formazio batzuez, % 1,5 harkaitzez eta legar-hobiez, eta % 0,4 urbanizatuta edo landaredirik gabe dago. Formazio karstikoek parkearen erdiko azalera hartzen dute, eta, beraz, ur-korronteak lurpekoak dira. Gainazalean errekasto txikiak daude, lau arrotara bideratzen direnak: Agauntza, Zaldibia, Ibiur eta Amezketa. Mendi-mazelak eta haranak, batez ere, pagadiez, baso-landaketez eta sega-zelaiez estalita daude, eta horrek ñabardura ugari eragiten ditu. Aralarko parkean paisaia-kalitate handiena duten eremuak bat datoz harkaitzik garaienekin (Txindoki, Balerdi, Ganbo, Alotza, Arritzagako sakana, Domoko gailur-muturra) eta Agauntza-Lizarrustiko pagadi aldapatsuekin. Gipuzkoatik Aralarrerako sarbide nagusiak bi dira: Ataungo eremua, Lazkao/Lizarrustiko mendatetik iristen dena eta Lizarrustiko Harrera Zentroaren inguruan dagoena; eta Ordizia-Alegia errepidea, handik Abaltzisketa-Larraitz eta Amezketa-San Martin multzora iristen dena. Ataungo artadi kantauriarra, harizti kaltzikola, Akaitz-Sastarriko pagoen eta haginen baso mistoa, arantzadiak, mendiko belardiak, harkaitzak eta lapiazak, Amezketako atariko belardi subalpetarrak, haltzadiak eta hariztiak nabarmentzen dira.